top of page
IMG_3530.JPG

Landa eremuaren defentsan, Erdiz Bizirik!

Iruñera joan gara gure lurra, bizimodua eta erabakitzeko ahalmena ukatu nahi digutenei, oztopo guztien gainetik Nafarroako landa eremua bizirik eta indartsu dagoela bertatik bertara erratera. Ikusezinak garela uste duten horiei ikusarazi nahi izan diegu hiriko bizimodua eta
neurririk gabeko kontsumoa ez direla bere gisa sostengatzen
. Landa eremuko ur, lur, eta izaki bizidun guztiei esker sostengatzen da; bai Baztanen, baita Euskal Herriko zein munduko txoko guztietan ere.

 

Iruñera joan gara landa eremuaren kontrako hamaikagarren erasoa salatzera. Magnesitas Navarras S.A. enpresak Erdizen eraiki nahi duen meategia horixe baita, gure bizimoduaren, kulturaren, eta lurraren kontrako eraso larria. Ez dugu onartuko proiektu horrek, bakar batzuk aberastearen truke, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi jasangarria izan den
bizimodua desagerraraztea
.

Makroproiektu hori, azken hamarkadetan mehatxatzen gaituzten bertze hainbat makroproiektu suntsitzaile bezala, kapitalismo heteropatriarkal eta kolonizatzailearen ezaugarri diren hiri zentrismo, ustelkeria, diru gose, eta hierarkietan oinarritutako zapalkuntzaren pentsamendutik bakarrik ulertzen ahal da. Inposizioa eta bortxa oinarri dituen ideologiatik bakarrik ulertzen ahal da Nafarroan UGEP proiektuen zabaltzea eta normalizazio interesatua. Legealdiz legealdi, hasiera batean UPNk abiatutako inposizioa, mantendu eta elikatu dute atzetik etorri diren guztiek. Behin eta berriz, tokiko erakundeen autonomiaren gainetik pasatuz eta herri galdeketak debekatuz. Modu honetan, herri lurrak ebasten dituzte multinazionalei oparitzeko, demokraziaz mozorrotutako kolonizazioa erabiliz.

Iruñetik eta Madrildik gure lurra eta bizitzaren kudeaketaren gainean agindu nahi duten horiek «demokratak» omen dira. Zein demokrata motak debekatzen ditu herri galdeketak? Legeak bete behar direla erraten digute, beraiei interesatzen zaizkienak bakarrik, betiere. Zilbetin Natura 2000 babesgunean egoteagatik legez kontrakoa zen proiektua, orain Erdizen egin
nahi dute eremu berean dagoela jakinda. Behin eta berriz, inpunitate osoarekin hausten dituzte legeak, eta hori egin nahi dute Erdizen ere. Kastejonen zentral termikoekin, eta, etxetik hurbilago, Aroztegiko pelotazo urbanistikoarekin egin duten bezalaxe.


Proiektu hori aitzinerat eramatekotan Baztango tokiko ekonomian eragin ikaragarriak izanen lituzke bai nekazaritzan, turismoan, ingurugiroan, eta baita herritarren osasunean ere. Proiektu hori abiatu eta babesten dutenek Baztango lanpostuak eta herritarrak gutxiesten dituzte nekazaritza eta landa eremuaren kontrako zapalkuntza areagotuz. Hiriaren eta hiriko bizimoduaren supremazismo horrek, herri bezala dugun biziraupena arriskuan paratzen du.

 

Beraz, hirira joan gara, bizitzaren aldeko borroka guztiona dela oroitaraztera. Eta nafar eta euskal herritar guztiei dei egitera Erdiz babestera eta proiektu honen kontra tinko borrokatzera. Bertze aldetik, agintarien hipokresia eta Nafarroako Gobernuaren zuriketa berdea salatu nahi ditugu. Aho betearekin tokiko ekonomia, jasangarritasuna eta ingurugiroaren alde daudela erraten duten bitartean, eremu babestuak eta tokiko elikaduraren iturriak suntsitu nahi dituzte. Ez gara zozoak, eta denek aski ongi dakigu makroproiektuak, multinazionalak eta meategiak ez direla nekazaritza estentsibo eta ekologikoarekin bateragarriak.

 

Horregatik guztiarengatik Nafarroako Gobernuari eta hura babesten duten alderdi guztiei erran nahi diegu, Erdizko meategi proiektuaren tramitazioa lehenbailehen gelditu eta herritarren iritzia errespetatzeko.

Landa eremuaren defentsan, Erdiz Bizirik!

Erdiz Bizirik

  • Instagram
  • X
bottom of page