
Zertaz kontra?
Erdiz Bizirik plataforma Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen meategi proiektuaren kontra dago. Hona hemen gure jarrera azaltzen duten argudioetako batzuk:
Ekonomia. Meategia eginen balitz, Baztango lehenbiziko sektoreak ondorio zuzenak jasan beharko lituzke. 80 familiak eramaten dute azienda Erdizera, hauetako aunitz profesionalak eta gazteak dira, gainera. Nekazariek Baztango biztanleria aktiboaren %7a suposatzen dutenez, haraneko hainbat baserri desgertzeaz gain, dozenaka zeharkako lanpostu ere desagertuko lirateke: albaitariak, tailerrak, garraiolariak, dendak, burdindegiak, kooperatibak...
Horrez gain, Baztan da Nafarroa mailan lehenbiziko sektorea mantentzen ari den eskualdea, eta Erdiz gakoa da maila hori ziurtatzeko. Nafarroako behi esplotazioen %18 Baztanen dago, ardien %14 eta behorren %10. Nafarroa mailan esplotazio gehien dituen eremua da, desberdintasun handiarekin.
Suteak. Azienda mendiak garbi mantentzeko aukera onenetarikoa da. Hortaz, animalia hauek mendietatik desagertuko balira, bertako landaredia handituz joango litzateke, eta geroz eta sute handiagoak eta kaltegarriagoak egoteko aukera dago.
Kutsadura. Artesiaga inguruko urak kutsatuko dira eta iturriak agortuko dira. Izan ere, eremu hori Baztango erreka eta iturri aunitzen sorlekua da. Horietatik edaten dute bai aziendek, baita pertsonek ere. Gainera, iturri horietatik hartzen dute ura Iruritako, Arraiozko eta Lekarozeko herriek, adibidez.
Ingurumena. Erdiz bazkaleku komunala da, eta bertan nekazaritza eredu estentsiboan lantzen da. Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) batean dago Erdizko eremua, Aldude Mendi izeneko eremu babestuaren baitan, hain zuzen ere. Desagertzeko arriskuan dauden hainbat animaliren eta landareren bizitokia den heinean, meategiaren eraikuntzak eragin zuzena izanen luke izaki horiengan. Hala nola, Pagadien bederatzi hektarea baino gehiago desagertuko lirateke eta aziendak erabiltzen dituen belardien 52 hektarea inguru.
Datu horiek Sustrai Erakuntzak egindako txosten batean azaltzen dira. Horrekin batera, Magnaren promesa handienetako bat ere deuseztatzen du dokumentuak: meategia egin eta gero, nekez errekuperatzen ahalko litzateke azienda bazkatzeko eremua.
Baztan defendatu dezagun. Gure ekonomia, komunalak, ingurumena eta etorkizuna defendatu ditzagun. Erdiz Bizirik nahi dugu!
